Hainbat aldiz esan dugu ez dugula LOMCErik nahi gure ikastetxeetan. Dokumentu batean jaso ditugu sei arrazoi nagusiak. Hemen dituzue:

Boletin194_eus

  1. IKASTETXEETAKO PARTE-HARTZE, ERABAKI-HARTZE ETA GOBERNU EREDUA

LOMCEk iraganeko parte- eta erabaki-hartze eredu antidemokratikoa eta jerarkikoa  inposatzen digu, zuzendarian zentratua Administrazioaren ordezkari gisa. Kontsulta, jarraipen eta ebaluaketa funtzioak uzten dizkio soilik Eskola Kontseiluari.

LOMCEren eredu hori errefusatzen du Euskal Eskola Publikoa, gaur, bihar plataformak. Administrazio, irakasle, ikasle eta familien erantzukizunean oinarritutako kudeaketa-eredua defendatzen dugu. Hori dela eta, orain arte bezala jarraitzeko asmoa dugu, eskola komunitatea osatzen dugun kide guztien erabaki-hartze parte-hartzaile demokratikoaren prozedurarekin. Eskola publikoarentzat, Eskola Kontseilua da Ordezkapen Organo Gorena, non ordezkatuta dauden sektore guztiek baldintza beretan parte hartzen duten.

Halaber, adierazi nahi dugu ikastetxe publikoen autonomia izan behar dela etorkizuneko Euskal Eskola Publikoa oinarrituko den muinetako bat.

  1. HEZKUNTZA ETA PEDAGOGIA EREDUA

LOMCEk ezagupenetan oinarritutako hezkuntza-eredu banatzaile eta akademizistaren aldeko apustua egiten du, erreferentziarik egin gabe inolako irakaste-ikaste metodologiari.

Zera adierazi nahi dugu Euskal Eskola Publikoa, gaur, bihar, plataformatik: ez LOMCEk ezta berau garatuko duten arauek ez dute galaraziko eskola publikoak hezkuntza inklusiboaren aplikazioarekin jarraitzea, hala nola oinarrizko konpententzia guztien (kognitiboak, sozialak, emozionalak…) jabetzea sustatuko duen ikaste-irakaste eredu integralaren garapenarekin. Guk defendatzen dugun hezkuntza eta pedagogia ereduarekin bat datorren curriculuma aplikatzen jarraituko dugu.

  1. ESKOLA LAIKOA

LOMCEk erlijioa ebaluagarri bihurtzen du eta irakasgai espezifikoen taldean sartzen du. Honetaz gain, Balore sozial eta zibikoak ikastera derrigortzen ditu Erlijioa irakasgaia ikasi nahi ez dutenak (gehiengoa, hain zuzen ere). Irakasgai hau soilik sortu da erlijioaren presentzia justifikatzeko eskolako curriculumean, inboluzio argi eta garbia.

Euskal Eskola Publikoa, gaur, bihar plataformarentzat, erlijioa eskola ordutegitik kanpo geratu behar da (hala gomendatzen du Euskadiko Eskola Kontseiluak). Ez dugu ahaztu behar ere familien gehiengoak ez dituela matrikulatzen erlijioan euren seme-alabak. Erlijioa curriculumean sartzearen kontra gaude ere.

Bestalde, eskola publikoan uste dugu ikasle guztiak hezi behar ditugula baloreetan, bakoitzaren sinismenak alde batera utzirik, eta hala egiten jarraituko dugu IHP eta berrikuntza eta elkarbizitza planen bidez.

LOMCEren politiken jarraipena errefusatzen dugu. Izan ere legalki exijitzen diren baino erlijio ordu gehiago ematera derrigortzen gaituzte eskola publikoan, garrantzitsuak diren beste jarduera batzuei denbora kenduz.

  1. ERREBALIDAK, EBALUAZIO DIAGNOSTIKOAK

LOMCEren elementu kezkagarrienetako batzuk etapa amaierako frogak dira (errebalidak). Hauexek erabiliko ditu Estatuak curriculumaren kontrol ideologikorako eta ikasleak banatu eta sailkatzeko.

Euskal Eskola Publikoa, gaur, bihar plataforman errefusatu egiten ditugu froga hauek lortu nahi dituzten helburuak, baita Eusko Jaurlaritzak hauek finantzatzea eta emaitzak erabiltzea ikastetxeen sailkapena egiteko.

Gure konpromisoa adierazten dugu aniztasunaren tratamendu eta errefortzuari dagozkien hezkuntza ekimenak egiteko, ikasle guztien ekitatea eta aukeren berdintasuna bermatzeko asmoz. Era berean, aniztasunari aurre egiteko eta errefortzurako inbertsioak eskatuko dizkiogu Hezkuntza Sailari, hala, LOMCEren eraginak gutxitu ahal izango ditugu.

Kanpoko ebaluaketen plan jasangarria eskatzen diogu Hezkuntza Sailari lehen bai lehen (etapa amaierakoak, diagnostikoak…), frogen kopurua, funtzioa, denborazkotasuna eta finantzaketa argituko dituena. Era berean, froga hauen emaitzen erabilera egokia eskatzen diogu, hobekuntzarako tresna izan dadin eta ez ikastetxeak sailkatzekoa. 

  1. EUSKARA

Eskasa iruditzen zaigu Espainiako gobernuak eta EAEko gobernuak egindako aldebiko akordioa, LOMCEk indartu egiten duelako egungo hizkuntza-ereduen sistema, A eredua  babesteko neurriak inposatuz administrazioei eta ondorioz familien eskaera elebakarra sustatuz.

Euskal Eskola Publikoa, gaur, bihar plataformak  esan du beharrezkoa dela gaur egungo ereduen sistema gainditzea, eta ikastetxeen eta ikasleen ezaugarri soziolinguistikoetara moldatuko den murgiltze eredu eleanitz malguaren aldeko apustua egitea. Horregatik, hizkuntzak ikasteko marko integratua landu dezan eskatzen diogu hezkuntza-administrazioari, politikoki adostua eta LOMCEk inposatzen dituen mugak gaindituko dituena.

Eleaniztasunean aurrera egiteko eta Hizkuntzen irakaskuntza eta ikaskuntzarako Europako markoaren orientabideak erreferentziatzat hartuz, hauxe proposatzen dugu:

  • Ebaluazio diagnostikoak eta ikerketak egin, bi hizkuntza ofizialetan eta atzerriko hirugarren hizkuntza batean gutxieneko hizkuntza-konpetentziak lortzeko zailtasunak dituzten ikastetxeak eta ikasleak identifikatzeko.
  • Proiektu eleanitzak sustatu gure ikastetxeetan, Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuen garapena hobetu ahal izateko.
  • Hizkuntzen tratamendu integratuari erantzungo dieten eredu psikopedagogikoak eta metodologia aktiboak ezarri.
  • Euskararen egoera gutxitua kontuan hartuz, berau (Euskara) izan behar da jarduera guztietako espresio bide normala eta lehentasunezkoa. Hau da, hizkuntza behikularra.

Bitartean, ikastetxeetan elebitasun erreala eta ikasketa eleanitza hobekien lagunduko duten matrikulazio kanpainak babestuko ditugu.

  1. KONTZERTAZIO EREDUA

LOMCEk finantzaketa maila bera bermatzen du ikastetxe publikoentzat eta kontzertatuentzat, baita ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeentzat ere. Era berean, zoru publikoaren erabilera sustatze du hezkuntza-enpresa pribatuentzat.

Euskal Eskola Publikoa, gaur, bihar beligerantea izango da aipatutako neurriak laguntzen dituzten hezkuntza-politikekin, eta eskola-postu publikoen sorrera defendatuko du eskaera guztientzat.

Eskola publikoa izan behar da euskal hezkuntza sistemaren ardatz egituratzailea.

Jeitsi dokumentua pdf formatuan: LOMCErik ez Euskal Eskola Publikoan
Inprimatzeko bertsioa: LOMCErik ez Euskal Eskola Publikoan