Datorren ikasturtean (2014-2015) Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako liburuak ez berritzea erabaki du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak, liburu horiek curriculum berrira egokitu behar omen direlako. Horrekin batera, Hezkuntza sailburuak jakinarazi du, maila horietako gurasoen kuota erdira jaitsiko dela. Honen ondorioz, liburu horiek seigarren aldiz berrerabiliko dira (lau urteko biziraupena aurreikusten da Testu liburuen kudeaketa solidariorako programan).

Ulertu dezakegun arren baliabide publikoak egoki erabiltzeko logikoa izan daitekeela liburuak ez berritzea ikasturte bakarrerako (LOMCE lege kritikatura egokituko dira 2015-2016 ikasturtean), ez gatoz bat familiak kuota ordaintzen jarraitzearekin liburuak ez badira berritzen. Hezkuntza sailak ez badu betetzen ikasturte hasieran hartutako konpromisoa testuliburu horiek berritzeko, arrazoi ekonomikorik ez izanik medio, zer dela eta eskatzen zaie kuota familiei?

Batez ere arduratzen gaitu Programa honetarako Eusko Legebiltzarrak onartu zuen partida zertara zuzenduko den jakiteak( bi milioi eurotik gora), eta zera eskatzen diogu Hezkuntza sailari: sare publikora zuzendu dezala eta ez beste sareek parte hartzen duten deialdietara.

Luzamendu gehiegi jasaten ari da Testu liburuen kudeaketa solidariorako programa. Bada garaia plan adostu eta argi bat martxan jartzeko, dagokion finantzaketarekin, Euskal Eskola Publikoen beharretara egokituko den material curricular digitaletarantz igarotzeko. Hau da, gure eskolak XXI. mendean behar dituen hezkuntza-beharrak era serio, errealista eta eraginkorrean planteatzeko.

Horregatik, hauxe eskatzen diogu Hezkuntza sailari:
• Kuotarik ez diezaiela kobratu 5. eta 6. mailako familiei eta Hezkuntza Sailak ordain dezala kuota osoa.
• Eskola Publikora zuzendu dadila 5. eta 6. mailako testuliburuak berritzeko adostutako aurrekontua.
• Material curricular digitalerantz trantsizioa egin ahal izateko benetako plan bat osatu dezala, eragileekin elkarlanean.