“Testuliburuak kudeatzeko programa solidarioa” izeneko egitasmoa jarri zen martxan 2007an EAEko ikastetxe publikoetan, lau urtean behin ikastetxean gordetzen diren liburuak berrituz, ikasleen arteko elkartasuna sustatzen duen testuliburuen mailegu-sistema. 2011-2012 ikasturtera arte, Hezkuntza saila eta familien artean finantzatu da programa hau. Pasa den ikasturtean, zegokion ekarpena ez egitea erabaki zuen Hezkuntza sailak, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleak liburuak bosgarren urtez berrerabiltzera derrigortuz.

Familiek ordaintzen jarraitu dute, baina Departamentuak ez ikasturte honetan eta ezta datorrenean ere. Hezkuntza-komunitateak oso ondo baloratzen duen programa honekin amaitu nahi al du Departamentuak?

Egoera honen aurrean, hauxe eskatzen dugu hiru elkarteok

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari:

-Testuliburuen programa solidarioarekin konplitu dezala, Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako liburuak berrituz iraila baino lehen.

-Beharrezkoak diren baliabide guztiak erabili ditzala Programa honen helburuekin jarraitu ahal izateko, bere osotasunean finantzatuz, beste behar batzuetarako alternatibak bilatu diren moduan.

Eskola Publikoa ezin da egon etengabeko murrizketa estalien pean: funtzionamendu-gastuak, hornikuntza, testuliburuak…

Ikastetxe publikoetako zuzendariei:

-Kuotarik ez kobratzea Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako familiei irailera arte, Hezkuntza sailak dagokion ekarpena egin arte lau urte bete dituzten testuliburuak berritzeko.

Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako familiei:

-Kuotarik ez dezatela ordaindu irailera arte Hezkuntza sailak dagokion ekarpena egin arte lau urte bete dituzten testuliburuak berritzeko.