Euskal Eskola Publikoko EHIGE, BIHE eta SAREAN elkarteek kezkaz irakurri ditugu azken egunetan PISA 2012 azterketaren emaitzei buruz argitaratu diren berri batzuk.

Lehenik eta behin, harrigarria da EAEk inoiz izan dituen emaitzarik onenak lortu dituen  urtean komunikabide batzuk informazio negatiboak argitaratzea, porrotaren sentsazioa transmititu nahian. Gogoratu behar da nazioarteko bataz bestekoaren gainetik gaudela Matematiketan, ELGEko bataz bestekoan gaudela Irakurmenean eta 14 puntu igo ditugula Zientzietan 2009arekin konparatuz gero, eta 33 puntu 2003. urtearekin konparatuz (Zientzietan geneukan gabezia handiena). Hezkuntza-prozesuan zuzenean parte hartzen dugunok badakigu oso konplexua dela hobekuntza, horregatik, bidezkoa da emaitzen alderdi positiboak baloratzea ere, asko dira eta. Konfiantza sortu behar dugu gure hezkuntza-sistemarengan.

Gure ustez Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak ez du asmatu emaitzen alderdi desberdinak komunikatzen. Izan ere, hiritarrok pentsatu ahal dezakegu etorkinak eta sistema elebiduna direla emaitza okerrenen errudun. Mezu hauek ez datoz bat guk defendatzen dugun hezkuntza sistema inklusiboarekin, eta zalantzak zor ditzakete eleaniztasunaren abantailekiko, honen eraginkortasuna guztiz egiaztatuta dagoen arren hainbat ebaluaketetan.

Ez dakigu zergatik, Hezkuntza sailak gizarteratu dituen informazioetan, ez dituen eman ikastetxe publiko eta kontzertatuen emaitzen datuak. Horrek, informazio-falta handia sortu du eta sare publikoari buruzko datu osatugabeak eman dira. Sare publikoaren esperientzia bestelakoa da; izan ere, PISAren aurreko edizioak aztertzen baditugu (eta aurten datu horiek konfirmatu egingo direla uste dugu), bi hizkuntzetan trebetasuna erakusten duen ikasleria (sare publikoko %82) emaitza guztiak hobetzen joan da etengabe konpetentzia guztietan. Zentzu honetan, gure ustez ezinbestekoa da gaur egungo hizkuntza-ereduen sistema lehenbait lehen berritzea, getizazioaren arriskuak ekidin eta bikaintasuna indartzeko ekitatetik abiatuz.

Era berean, kanpoko ebaluaketen emaitzei buruzko trataera zuhurragoa eta egiazkoa eskatzen ditugu. Informazio hauek matrikulazio kanpainatik banatzea eskatzen dugu ere, sare eta ikastetxeen arteko sailkapenak ekiditeko; alderdi horixe gaitzesten dio LOMCEri euskal hezkuntza sistemaren gehiengo handi batek.

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOA HARATAGO dokumentuan argitaratu genuen moduan, Euskal Eskola Publikoak badu bere plana kalitatea hobetzeko, eta badakigu zer egin behar dugun hori lortzeko. Besteak beste, kanpoko ebaluazioak baliatu behar ditugu (PISA, ebaluaketa diagnostikoak..) ikastetxeko hobekuntza planak egiteko, hau da, ikastetxe bakoitzari modu egokian erabiltzea tokatuko zaion informazio moduan.

EHIGE, BIHE, SAREAN