Sopuertan lehen hezkuntza publikoa eskatu duten familien prentsa oharra:

Urriak 11 ditu. Ikasturtearen hasieratik Eusko Jaurlaritzarekin negoziazioak izan ditugu, Sopuertako herriarentzat Euskal Herriko gainontzeko herrietan bezalaxe, oinarrizko eskubide bat lortzeko asmoz: gure seme-alabak 12 urte bete arte herriko eskola publikoan matrikulatzea. Eskubide hau ez daukagu Sopuertan Gobernuak Elizbarrutiaren pribilegioak eta hezkuntzan duen monopolioa hausten ez dakielako.Gurasook erronkari aurre egin diogu, gure seme-alabak, egunez egun, La Baluga eskola publikora eramaten. Hasieran irakasle boluntarioekin, gero, gobernuak irakasle horiek sartzea debekatu zuenean, bakarrik, zentroko langileek artatuta.
Atzo, 7 familiek bilera izan zuten Hezkuntza Sailarekin, konpromisoa hartu genuen: hurrengo urtean Sopuertako hezkuntza eskubideak bermatzeko, negoziazio aktiboak irekitzeko, euren baldintza bakarra gure seme-alabak Zallan berehala eskolaratzea.
Gaur, urriaren 11an, gure borondate ona adierazteko eta gure seme-alaben eskolarizazio egokiaren beharrari kasu eginez, gure aldarrikapena beste modu batez zuzentzea erabaki dugu.
Zallara joango gara, eta gure aldarrikapenarekin jarraituko dugu, datozen negoziazioetan parte hartuz.
Mila esker Euskal Herriko txoko guztietatik heldu diren solidaritate erakusgarri guztiengatik, eta hezkuntza alorreko sindikatu eta erakunde guztiei. Gure borroka Sopuertan, gure hezkuntza sistemaren aldeko aldarrikapenean kokatu behar da.

Handitzen Guraso Elkartea (Sopuertan lehen hezkuntza publikoa eskatu duten familiak)