Hezkuntza arloan gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriak ezartzen dituen apirilaren 20ko 14/2012 Lege-Errege-Dekretuak, aldaketa garrantzitsuak ekarriko ditu EAEko ikastetxe publikoetako irakasleen lan-baldintza, ratio eta ordezkapenetan.

Esan beharra dago lehen eta bigarren Hezkuntzako irakasleen baldintzak eta ratioak beharrezkoak kontsideratu dituztela Eusko Jaurlaritzatik pasatu diren Hezkuntza Sail desberdinek. Zentzu honetan, ezin da justifikatu Espainiako gobernuak hartutako erabakia, atzerapauso handia ekarriko baitu Euskal Eskola Publikoan egin diren inbertsioetan. Inbertsio horiei esker lortu ditugu Estatuko beste sistemekin konparatuta dugun kalitate maila ona (eskola-porrot txikiagoa, absentismo tasa, eta abar).

Apirilaren 14ko 68/2016 sententziak, goian aipatutako Errege Dekretuaren konstituzionaltasuna konfirmatzen du eta berau aplikatzera derrigortzen du Eusko Jaurlaritza. Neurri hauek irakasleen eskola-ordu eta ordezkapenak egiteko irizpideei eragiten die nagusiki.

Oraindik ezagutzen ez ditugun arren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak hartuko dituen erabakiak, badakigu eragin negatiboa izango dutela irakasle kopuruan eta ordezkapenak egiteko epeetan. Guzti horrek eragin nabaria izango du Euskal Eskola Publikoaren kalitatean.

Lehenik eta behin gure desadostasuna agertu nahi dugu Eusko Jaurlaritzaren gardentasun ezarekin prozesu honetan, ez baitu argitu oraindik zer nolako neurriak hartuko dituen eta ez duelako kontatu sindikatu eta hezkuntza-eragileekin guzion artean erantzun komun bat emateko.

Horregatik, Euskal Eskola Publikoa Gaur Bihar-ek hauxe adierazi nahi du publikoki:

  • Ez dugu onartzen sententziaren abagunea aprobetxatuz, Euskal Eskola Publikoak egun dituenbaliabide pertsonalak murriztea.
  • Sindikatuen ordezkariekin negoziatu eta adostu behar dira langile kopuru, ratioak eta ordezkapenak egiteko irizpideak. Hori dela-eta, adostasunak lortzeko bide guztiak martxan jartzea eskatzen dugu eta Euskal Eskola Publikoko hezkuntza-eragileak prest agertzen gara parte-hartu edo proposamenak egiteko.
  • Egun ez ditugu ezagutzen 2016-2017 ikasturtean izango ditugun baliabide pertsonalak, bigarren hezkuntzako langile zerrendak 2 astetako atzerapena daramalako eta lehen hezkuntzakoak behin-behinekoak direlako. Honek zailtasunak gehitzen dizkio datorren ikasturtera begira ditugun erronkei.
  • Nola uler daiteke euskal hezkuntza sistema beste erkidego batzuentzat eredu izanik mota honetako injerentziak onartzea?
  • Euskal Eskola Publikoa Gaur Bihar prest dago beharrezko neurriak hartzeko Euskal Eskola publikoaren kalitatea defendatzeko.

Azken finean, sententzia honen aplikazioak akabera emango dio azken urteetan Euskal Eskola Publikoa jasaten ari den murrizketa prozesuari. Langileengan izango dituen efektu maltzurrez gain, zailtasunak gehituko dizkio ikasle, familia eta azken finean gizartearekin ditugun konpromisoari. Hori guztiagatik, Euskal Eskola publikoarekin konprometituta jarraitzeko eskatzen diogu gizarteari.

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOA, GAUR, BIHAR

Murrizketa gehiagorik ez EEPn Dokumentua PDF formatuan