Ostegun honetan, azaroak 28, LOMCE legea Kongresutik pasako da berriro eta behin-betiko onartuko da.
Hori dela eta, aste honetan Euskal Herrian LOMCEren kontra antolatu diren mobilizazioetan parte hartzera animatu nahi zaituztegu:
Azaroak 27, 11,30: elkarretaratzea Eusko Legebiltzarraren aurrean (LOMCEri buruzko monografikoa eztabaidatuko da)
Azaroak 28, osteguna:
-goizez: elkarrateratzeak ikastetxeetan
-arratsaldez: manifestazioak hiriburuetan
Bilbo: 18:30etan Plaza Eliptikotik
Donostia: 18:30etan Boulevardetik
Gasteiz: 18:00etan Bilbao plazatik
Iruña: 18:00etan Autobusen geltoki zaharretik

Erreforma onartzear dagoen momentu honetan ez dira aldatu lege atzerakoi honen kontra egoteko arrazoiak:

Ez dugu behar. Gure emaitzak LOMCEk lortu nahi dituenak baino askoz hobeak dira. Eskola publikoa ardatz izango duen hezkuntza-sistema propioa eraiki nahi dugu.

Antidemokratikoa da, ikastetxeko partaideen erabaki-ahalmena murrizten duelako eta inolako kontsensu sozial eta politikorik gabe inposatuko delako.

Atzerakoia da, irakasgai estankoetan oinarritutako irakas-prozesuaren ikuspegi tradizionala duelako eta 70. hamarkadan hezkuntza-sistematik baztertu ziren errebalidak errekuperatu nahi dituelako, curriculuma eta tituluak emateko eskumena Madrildik kontrolatuz.

Ideologitzailea da, partidu baten ikuspegia instalatu nahi delako hezkuntzan. LOMCEk irakaskuntzaren ikuspegi merkantilista dauka, garrantzitsuena jada ez da ikasleen ahalmenak ahal bezain beste garatzea, baizik eta “estorbatzen” dutenak sistematik ateratzea. Horretaz gain, Erlijioa irakasgaia indartzen du gainerako irakasgaien maila berean jarriz, eliza katolikoaren aspaldidaniko eskaria.

Guk eraiki nahi dugun Euskal Eskola Publikoaren helburuak eta LOMCErenak kontrako norabidean doaz. Euskal Eskola Publikoa unibertsala, ekitatiboa, kalitatezkoa, laikoa eta anitza izan behar da, eta euskara eta euskal kultura sustatzea izan behar ditu helburu. Ikasleen jatorrizko desberdintasunak berdintzen saiatu behar da eta ikasle guztien nortasun pertsonala, psikologikoa eta soziala garatu. Ikasle kritikoak hezi behar ditu, hezkidetzan oinarrituta, eta eskola-erkidegoa osatzen duten sektore guztien partaidetzan eta elkarlan demokratikoan oinarrituta. Konpententzietan hezi behar ditu ikasleak, berrikuntza pedagogikoan oinarritu behar da eta ingurunean txertatua egon behar du.

Amaitzeko, gogoratu hitzaldi informatiboak egiteko aukera duzuela eta erreformari buruzko informazioa biltzen jarraitzen dugula lomce.ehige.org web gunean (bertan dituzue ere kartelak).

Informazio gehiago behar baduzue jar zaitezte gurekin harremanetan