Gaur ospatutako Gobernu Kontseiluak erabaki du 4 urtetik 6 urtetara luzatzea ikastetxe pribatuen hezkuntza-itunak, LOMCE-k ezartzen duen moduan. Hala, datozen ikasturteetako hezkuntza-itunak berritzen dituen Agindua onartu du gaur, zehazki 2016-2017/2021-2022 ikasturtekoak (6 urte). Aurreko itunaldia ordezkatzen du Agindu honek, 2012-2013/2015-2016 tartekoa hain zuzen ere (4 urte).

LOMCE-k 116. artikuluko 3. puntuan hauxe esaten du: “hezkuntza-itunak 6 urteko iraupena izango du lehen hezkuntzan eta 4 urtekoa itundutako gainontzeko etapetan”. Eusko Jaurlaritza urrunago joan da eta etapa guztietako itunak 6 urtetara luzatzea erabaki du, derrigortua ez zegoen arren.

Gainera, 2016-2017 ikasturteko gastu osoa onartu du, orain arte bi epetan egin izan denean (iraila-urtarrila, urtarrila-abuztua).

Gobernu Kontseiluaren ondoren argitara eman duen oharrak adierazten du Gobernuarentzat ekitatea dela gauzak orain arte bezala mantentzea, hau da, bi sareen artean banatzea ikasleak. Ez ditu entzun nahi sare publikotik egin diren salaketak, zeinek bi sareek gizarteen beharrei zerbitzu desberdina ematen dietela esaten duten. Era berean, ez die kasurik egin gizartearen beharrei erantzuten ez dieten ikastetxeen itunak berrikusteko egindako eskaerei.

EHIGE-k salatu nahi du, berriro ere, Eusko Jaurlaritza LOMCE aplikatzen ari dela eta irakaskuntza pribatua indartzen ari dela eskola publikoaren aldeko apustua egin ordez.

Jeitsi pdf-a: PO EHIGE 2016-4-26