Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko sailburuak Heziberri dekretu berriak jasotzen dituen froga diagnostikoen harira egindako adierazpenak direla eta, hauxe jakinarazi nahi du EHIGE Gurasoen Elkarteak:

-Lehen Hezkuntzako 3. mailako barneko froga egitearen kontra gaude. Ikastetxeek egiten dituzte jada ebaluazio jarraiak, lehen hezkuntza hiru ziklotan antolatzen da eta hala jarraitzen duen bitartean, uste dugu 4. mailan mantendu behar dela ebaluazio diagnostikoa, zikloa apurtu gabe.

-Ondo baloratzen dugu lehen hezkuntzako 6. mailako azterketa aurten ez egitea erabaki izana Hezkuntza sailak. LOMCE eta Heziberrik ezartzen dituen frogak ez egitea eskatzen jarraitzen dugu.

-Gure seme-alaben heziketa eta hezkuntza-sistema hobetzen lagunduko duten froga diagnostikoen alde gaude, betiere gure hezkuntza-sistematik eta gure hezkuntza sistemarentzat pentsatzen baldin badira.

-Ebaluazio diagnostikoen sistema ona dugu lehen hezkuntzako 4. mailan eta DBHko 2. mailan. Hauek gure seme-alaben heziketa hobetzen lagundu digute eta informazio baliotsua eman digute 2009tik; informazio hori galduko dugu aldatzen badira.

-Oinarri pedagogiko ona izan behar dute gure ebaluazio sisteman egiten diren aldaketek, kanpoko injerentziarik onartu gabe.

-Pasa den ikasturtean Euskal Eskola Publikoko gurasoek erakutsitako indarra ikusirik, pozten gara Hezkuntza Sailburuak bide onean pausuak emateaz.

-Heziberri curriculum berriak ezartzen dituen aldaketa batzuk, LOMCEtik ekarriak, ari dira aplikatzen gure ikastetxeetan. LOMCE ez aplikatzea exijitzen dugu.