EHIGEk kezkaz hartu ditu EAEko ikasleen emaitzak PISA 2015 azterketan eta uste du emaitza hauen zergatia sakonean aztertu behar dela eta ez garela autokonplazentziara mugatu behar.

Kezkatu egiten gaitu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua emaitzekin harrituta agertzeak, Sail horrek aurretik egindako ebaluazio diagnostikoak emaitza hauen seinaleak eman bait zituen.

Gure ustez Hezkuntza sailak identifikatzen jakin ez duen atzerakada bat eman da hezkuntza-sisteman eta horren froga da EAEko ikasleak Europako bataz bestekoaren azpitik egotea konpetentzia guztietan eta Estatuko bataz bestekoaren azpitik Zientzia eta Irakurmenean.

Gure hezkuntza-sistema hobetzen ari denaren ideia transmititu izan diguten arren, argi dago murrizketek eta inbertsio ezak eragin zuzena izan dutela kalitatean.

Datuak falta zaizkigun arren, laginketa eta familien maila sozio ekonomiari buruzkoak esaterako, EHIGEren ustez ezinbestekoa da hezkuntza-sistemaren diagnostiko bat egitea, Heziberriren hasieran planteatu genuen moduan.

EHIGEk apustua egiten du ekitatearekin lotura dagoen bikaintasunaren alde. Eta hori soilik baliabideekin lortzen da, azken urteetan murriztu diren baliabideekin hain zuzen ere.

PISA-k ez duen arren eskaintzen hezkuntza-sistemaren argazki integrala (lan-merkatuarekin lotutako arloak ebaluatzen ditu soilik ikasleen heziketa integralerako ezinbestekoak diren beste batzuk kontuan hartu barik) beharrezkoa da ebaluazio desberdinek ematen dizkiguten informazioak aztertzea (ebaluazio diagnostikoak, PISA…) eta gure hezkuntza-sistema hobetzeko neurriak hartzea.

Geldialdi eta atzerapen egoera honi aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak zer neurri hartuko dituen jakin nahi dugu eta hezkuntza-eragileekin konta dezala eskatzen diogu. EHIGEn adi egongo gara.