Gizarte demokratiko ororen helburuak dira integrazioa eta gizarte kohesioa. Ikasle guztien formakuntza hobetzeak lagundu egiten dio gizartearen kohesio, integrazio eta hobekuntzari, eta eskola da helburu horiek lortzeko oinarrizko zutabeetako bat.

ELGE-k urtean daramatza ikasle etorkinen eta egoera sozioekonomiko gutxietsietan dauden ikasleen konzentrazioak ekiditeko politiken beharrak aholkatzen. Besteak beste, honelako neurriak proposatzen ditu: gela berdinetan integratzea jatorri sozioekonomiko desberdina duten ikasleak, maila akademikoan oinarritutako ikasleen banaketak txikiagotzea eta laguntza gehigarriak eskaintzea gutxietsitako ikasle, familia eta ikastetxeei.

Baina horretarako beharrezkoa da hezkuntza-sare guztiak helburu berean inplikatzea, eta baldintza hori ez da ematen EAE-n, gizartearen helburuak lortzea zailtzen duten eta ELGE-ren gomendioak ezeztatzen dituzten desoreka ematen baita sare eta ikastetxeen artean.

Euskadiko Eskola Kontseiluak aldizka argitaratzen dituen ia txosten guztietan jaso da desoreka hau. Txosten hauetan etengabe eskatu zaio Hezkuntza sailari egoera honi aurre egingo dioten neurriak hartzea. Hala ere, desoreka hori gainditu baino areagotu egin da eta azken bi ikasturteetan (2014-2015 eta 2015-2016) lau puntu portzentual baino gehiago handitu da.

GAUR EGUNGO EGOERA / 2015-2016 IKASTURTEKO DATUAK (2-16 urte tartea)

(Ikasle etorkinak soilik agertzen dira hemen, hau da, espainiar naziotasuna ez duten ikasleak. Ez dira kontuan hartu naziotasun bikoitzak ezta datu sozioekonomikoak, ez baitago datu ofizialik).

 1.- Ikasle etorkinen banaketa (2-16 urte):

Ikasleak guztira     (2-16 urte) Ikasle etorkinen ehunekoa Ehunekoa sarearen arabera
288.637 % 6,65 Publikoa: 9,74 %Pribatua: 3,48 %

2.- Ikasle etorkinen banaketaren bilakaera:

Ikasturtea 2010-2011 2011-2012 2012-2013 2013-2014 2014-2015 2015-2016
Sare publikoa 69,79 % 69,94 % 70,66 % 70,24 % 72,25 % 74,16 %
Sare pribatua 30,21 % 30,06 % 29,34 % 29,76 % 27,75 % 25,84 %

3.- Ikasle etorkinen portzentajea %20 baino gehiago den ikastetxe publikoak:

2010-2011 2015-2016 62 ikastetxe horien banaketa ikastetxe motaren arabera  
TOTAL 54ikastetxe 62ikastetxe 47 (2-12 urte)/ 3 (2-16 urte)/ 12 (12-16 urte) 63 haur hezkuntzan

Egoera honi erantzun bat emateko asmoz, jazoera aipagarri batzuk gertatu dira azken asteetan: IGE-ek sustatutako Euskal Eskola Publikoaren aldeko manifestua Gasteizen; Hezkuntza sailburuaren agerraldia Eusko Legebiltzarrean egoera hau txarra dela aitortuz euskal hezkuntza sistemarentzat eta hainbat neurri planteatuz; Legez Besteko Proposamen baten onarpena Eusko Legebiltzarrean gai honekin lotutako neurri zehatzak dituen Euskal Eskola Publikoarentzako plan estrategiko bat eskatuz Hezkuntza sailari.

EHIGE-k aintzat hartzen du guzti hau, baina beharrezkoa ikusten du gehiago sakontzea eztabaida honetan eta alternatiba posibleetan. Hori dela eta, hausnarketa eta proposamen batzuk planteatzen ditugu, kontuan izanik betiere herri, auzo eta ikastetxe bakoitzak bere ezaugarri propio eta anitzak dituela. Horregatik, idazki honetan proposatzen ditugun neurri orokorrez gain, toki bakoitzari egokitutako beste batzuk beharko dira.

1) Hezkuntza sailburuak iragarritako neurriak berehala praktikan ipintzea: Administrazioak kontrola dezala ratioaren %10eko handitzea, beharrak dituzten ikasleentzako erreserbatuz soilik; irizpide berdinak erabiltzea eskolaratze batzordeetan, ikasle hauen portzentaje altua duten ikastetxeetara ikasle etorkin gehiago ez bidaliz; 35/2008 onarpen dekretuaren aldaketa aztertzea baremazioari dagokionean.

2)Hezkuntza sailak bere egin ditzala eta praktikan jar ditzala martxoaren 10ean Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak onartutako neurriak, eta zehazki herrialde mailako matrikulazio bulego bakarra eratu, errenta baxuak lehenesten dituen baremoa aldatu, familia eta sindikatuen parte-hartzea bermatu Eskolaratze Batzordeetan, eta irakasle eta zuzendaritzen egonkortasuna eta irakasleen bitartekotasuna murriztu.

3) Proportzionaltasun eta ardura partekaturako irizpideak ezarri ikastetxe guztien artean, laguntza espezifikoa behar duten ikasleentzat. Hezkuntza-araudiak bere oinarrien artean jasotzen ditu ikasle guztientzako kalitatezko hezkuntza, aukeren berdintasuna bermatuko duen ekitatea eta inklusioa. Guzti hauek hezkuntzarako eta ikastetxea aukeratzeko askatasunaren maila berean jartzen ditu. Hala ere, oinarri hauekin koherenteak ez diren neurriak aplikatzen ari dira ikastetxe kontzertatu-pribatu batzuk onarpen prozesuetan (barematzeko irizpide propioak) eta eskolarizazioan (isilpeko derrigorrezko kuotak, esaterako). Horregatik, egoera hau orekatzeko asmoz eta hezkuntzara zuzendutako baliabideak mugatuak direnez, sare pribatua finantzatzen duen hezkuntza itunen eredua berrikustea proposatzen dugu. 1985eko eredu honek ez dio erantzuten gaur egungo errealitateari.Horregatik, uste dugu beharrezkoa dela eredu hau berrikustea. Aurreneko aldaketa urgenteena litzateke eskola ekitatibo eta inklusiboaren helburuarekin inplikatzen ez diren ikastetxeei baliabideak murriztea. Era berean, indarrean dagoen araudiaren oinarrizko printzipioekin konprometituak dauden ikastetxeetara bideratu beharko lirateke baliabide horiek.

4) Euskal Eskola Publikoa eskola euskalduna da eta oinarrizko eragilea izan da euskal hezkuntza sistema euskalduntzen, eta ondorioz, euskal gizarte bera ere euskalduntzen. Azken 20 urteetako datuak aztertuz gero, argi geratzen da Euskal Eskola Publikoa izan dela esfortzurik handiena egin duena arlo honetan, ikasle kopuru handiena euskaldundu duen sarea izanik, ikaslego anitza gainera. Euskal Autonomia Erkidegoan D ereduan ikasten duten 3 ikasletik 2 sare publikoan daude, eta bide horretatik jarraitu nahi dugu.

Hala ere, ezin da ahaztu, beste kontu batzuekin batera, euskara ez ezagutzeak zailtasunak gehitzen dizkiola ikasle etorkinen eskolaratzeari. Hori dela eta zera proposatzen dugu:

  • Ikastetxeek baliabide nahiko eta baliodunak izan ditzatela kanpotik datozen ikasleek eskolan integratzeko, baita eskolako hizkuntzak ezagutzen ez dituztenentzat ere.
  • Beste toki batzuetatik datozen ikasleak edo eta kanpotik etorritako familiak dituzten ikasleak integratzeko esperientzia eta formula egokienak partekatu.
  • Egungo hizkuntza-ereduen sistema aldatu.

5) Atzerriko nazionalitatea daukaten ikasleez gain, kontuan hartu behar da Espainiar naziotasuna izanda kanpotik etorritako familia daukan ikaslegoa. Ez egitekotan, egoeraren gogoeta partziala izango da eta ez da azaleratuko euskal hezkuntza sistemak duen aniztasunaren konplexutasun guztia. Espainiar naziotasuna duen ikaslegoa hartzen du soilik etorkintzat Hezkuntza sailak. Hala ere, ikasle hauetaz gain beharrezkoa da kontuan hartzea espainiar naziotasuna duen baina kanpotik etorritako familia duen ikaslegoa, Ikuspegi txosten batzuetan egitean ari den bezala. Gaur egun, Hezkuntza sailak erabiltzen duen irizpide mugatuarekin, ahaztu egiten dugu ikasle askoren familiak atzerritarrak direla eta hezkuntza arreta behar izango dutela hainbat arloetan (eskolakoak ez diren familiako hizkuntzak, kultur aniztasuna, egoera sozioekonomiko anitzak, eta abar).

6) Hezkuntza sailak baliabide gehiago zuzendu ditzala irakasleak aniztasun eta kulturaniztasunean prestatzera. Era berean, “hiri eta herri hezitzaileak” sustatzera deitzen ditugu administrazio lokalak.

7)Hezkuntza behar espezifikoak dituzten ikasleen eskolaratzearen desoreka leundu behar izatekotan azken eta neurri bakar moduan, eta ikasleak onartzeko araudiak aukera hau eman dadin, 2008/35 dekretuan egin beharreko aldaketen artean hauxe proposatzen dugu: LOEren 87. artikulua gehitzea, non aukera ematen zaion Hezkuntza Administrazioei behar espezifikoak dituzten ikasleen proportzio bat zehazteko ikastetxe bakoitzarentzat.

Azken finean hauxe da eskatzen duguna: neurri eraginkor eta errealak har daitezela diru publikoarekin finantziatzen diren ikastetxe guztiak inplikatu daitezen jatorri sozio-ekonomiko edo kultural desberdinak dituzten ikasleak gela berdinetan integra daitezen. Hau da, hezkuntza sistema osoko ikastetxeak benetan hetereogeneoak izan daitezela, bizi garen gizartearen isla.

Amaitu aurretik iruzkin labur bat egin nahi dugu euren ikastetxe batzuetan hezkuntza behar espezifikoak dituzten ikasle kopurua txikia izateko sare pribatu-kontzertatuak erabiltzen dituen hiru argumenturen inguruan:

*“Ikasle hauek hartzeko baliabide eskasak”. Argitu behar da “a posteriori” jartzen dituela Administrazioak baliabide hauek. Hau da, ikasle mota hau ikastetxe konkretu batean matrikulatu ondoren erabakitzen du Administrazioak zer nolako baliabideak zuzendu bertara. Zehazki hizkuntza errefortzuko irakaslearen bitartez sare publikoan, eta halako irakasleak kontratatzea ahalbidetzen duen kultur aniztasun eta hizkuntza errefortzurako programak garatzeko diru-laguntzen bidez sare kontzertatuan. Beraz, bi sareetako ikastetxeek aukera berberak dituzte baliabide osagarriak lortzeko mota honetako ikasleak eskolaratu ahal izateko.

*“Familiei kuotak kobratu beharra, Administrazioak ez duelako ordaintzen irakaskuntza kontzertatuaren kostuaren %100”. Esan beharra dago ere sare publikoko hezkuntza behar guztiak ere ez dituela ordaintzen Administrazioak. Hiru egoera aurkitzen ditugu ikastetxeetan:

  • Derrigorrezko etapetako irakaskuntzaren kostua 100%ean finantziatzen du Administrazioak bi sareetan, ondorioz galarazita dago kuotak kobratzea.
  • Zerbitzu osagarrien kostuen gehiengoa (jantokia, eskolako materiala, eta abar) familiek ordaintzen dute hein handi batean bi sareetan. Euren errenta maila dela eta kostu hauei aurre egin ezin badie familia batek, beka jasotzeko aukera izango du, sare publikoan zein pribatuan.
  • Familiek ordaintzen dituzte ere ikastetxeak antolatzen dituen jarduera osagarriak (irteera pedagogikoak, hezkuntza ez formala, eta abar) eta batez ere IGE-ek antolatutako eskolaz kanpoko ekintzak. Hala ere, jarduera boluntarioak direnez, ez da derrigorrezkoa parte-hartzea eta ondorioz ordaintzea. Hala ere, sare publikoan aukera berdintasuna bermatzeko, kasu gehienetan IGE-ak edo ikastetxeak ordaintzen ditu gastu hauek familiak ezin duenean.

*“Errespetatu egin behar da familiek duten eskubidea ikastetxea aukeratzeko eta familia etorkinek nahiago dituzte jatorri berdineko familiak dituzten ikastetxeak”. Aukeratzeko eskubidea ezin da izan segregaziorako zurigarri. Errespetatu egin behar da eskubide hau, noski, baina zertan datzan eskubide hori? Familia guztiak benetan libre al dira ikastetxe bat aukeratzeko ikastetxe horretan kuotak kobratzen direnean edo eta erlijioan oinarritutako trabak ipintzen direnean? Zera gehitu behar diogu honi: kanpotik etorritako familiek bertako gizartea ez ezagutzeak (edo eta zer eragin izango duen euskara ez jakiteak seme-alaben etorkizunean) eta hezkuntza sistema ez ezagutzeak, bertakoek aukeratzen ez dituzten ikastetxeak aukeratzera eraman ditzaketela.

Gaur egun kanpotik etorritako familia askok galdetzen diote bere buruari ia zergatik ez dagoen bertako familiarik euren ikastetxeetan. Familia horiek uste dute egoera hori traba bat dela euren seme-alaben heziketa eta integraziorako. Horregatik, uste dugu ezinbestekoa dela Administrazioak kuoten ordainketak kontrolatzea eta baita ikastetxe kontzertatu-pribatuek zer nolako informazioa ematen duten matrikulazio garaian. Ildo honetatik, hauxe dio kontzertuen araudiaren 42. artikuluak: “Hezkuntza Administrazioaren onarpena beharko dute jarduera osagarri edo zerbitzuengatik egiten diren kobrantzek” eta 45. artikuluak hauxe: “jarduera horiek osagarriak eta ez baztertzaileak izango dira”.

Amaitzeko, kalitatezko Euskal Eskola Publikoaren aldeko apustu argia eskatzen diegu erakunde publikoei, euskal hezkuntza sistemaren oinarrizko eta lehentasunezko ardatz egituratzailea baita. Gutxi barru ospatuko dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Hauxe eskatzen diegu partidu politikoei: eskola publikoaren aldeko apustua egitez gain, euskal eskola ekitatibo eta inklusiboa lortzeko helburuak jaso ditzatela euren programetan, hemen aipatu ditugun proposamenak jasoaz. Era berean, mahai batean elkarrekin neurri hauen inguruan eztabaidatzera gonbidatzen ditugu.