Heziberri dekretuekin ez gaudela ados eta guretzat ezinbestekoak diren aldaketak egiteko eskatu diogu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari Euskal Eskola Publikoa Gaur, Bihar plataforma osatzen dugun EHIGE, BIHE eta SAREAN elkarteok.

Abenduaren 9an helaraziko diogu Hezkuntza sailari gure desadostasunak jasotzen dituen behin-betiko dokumentu sakona:

  • Ez gaude ados LOMCE ezartzearekin:
    -Dekretuek LOMCEren lehen eta bigarren hezkuntzako egitura eta edukiak kalkatzen dituzte.
    -Bi ziklotan banatzen dute lehen hezkuntza eta hankaz gora jarri gaur egungo antolaketa.
    -Aniztasunari aurre egiteko baliabideak desagertzen dira, curriculum aniztasunerako programa kasu.
  • Ez gaude ados euskal hezkuntza sistemarentzat defendatzen ditugun oinarriak ahazten dituen dekretu curricularren garapenarekin
    -Ez du sareen arteko ardura partekatuaren aldeko apusturik egiten, ikasle bakoitzari ahal bezain eskolaratze egokiena bermatzeko.
    -Ez du jasotzen bikaintasunera ekitatetik abiatzeko oinarrizko printzipioa.
    -Egun indarrean dauden dekretuak jasotzen dituen Euskal Herrirako Curriculuma-ren aipamenak desagertu dira.
  • Ez ditu jasotzen Euskal Eskola Publikoarentzat aurrera egiteko garrantzitsuak diren apustu berritzaileak:
    -Hizkuntzen tratamendu integratua, gaur egungo ereduen sistema gaindituko duena.
    -Ikastetxe publikoen autonomia eraginkorra gauzatzeko araudia.
  • Ez dugu uste horren garapen sakona behar denik curriculuma doitzeko.
    -Desberdintasun handiak daude atalen artean: batzutan gehiegi sakontzen da, beste batzuetan hutsune garrantzitsuak daude eta beste batzuk ez lirateke agertu behar.
    -Egun indarrean dagoen dekretua hobeto doitzen zaie gizartearen eta sistemaren beharrei.
  • Ez ditu jasotzen Heziberriren aurreneko fasean egin genituen ekarpenak:
    -Eskola publikoa hezkuntza-sistemaren ardatz egituratzailea izan behar da.
    -Sistemaren diagnosia.
    -LOMCEren eraginaren analisia.Guzti honegatik, egungo dekretuak bere horretan ez ezartzea eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari. Gure herriak behar duen hezkuntza-sistemaz eztabaidatzen jarraitu nahi dugu, horixe da gure ustez aurrera egin eta gure hezkuntza sistema propioa hobetu eta eraikitzen jarraitzeko bidea.