Eusko Jaurlaritzaren 2013. urteko diru-laguntzarik ez dute jaso oraindik Euskal Eskola Publikoko guraso elkarteek. Diru-laguntza hauen kudeaketa defizitarioa dela-eta, EHAAn ebazpena argitaratu aurretik zuritu beharko dituzte elkarteek diru-laguntza hauek. Hori gutxi balitz, bataz beste %35eko murrizketa izango dute, eta 2014ko Aurrekontu Orokorrean arabera, murrizketa hori mantentzeko asmoa dago 2014ean.

Guztira, ia %50eko jaitsiera jasan dute 2009tik guraso elkarteen iraupena bermatzen duten diru-laguntzek. Euskal Eskola Publikoaren legearekin talka egiten du honek, hauxe baitio 1993ko legeak: “Hezkuntza-administrazioak gurasoen elkarteen sortzea eta jarduera bultzatuko du berauek sendotzeko eta garatzeko finantziazio-bideak finkatuz”. Hezkuntza sailak egindako azken ikerketen arabera, Guraso Elkartearen jarduera eta inplikazioa ikastetxean zaindu beharreko adierazgarri argia da eskola-arrakasta lortzeko. Hori hala izanik, gurasoen diru-laguntzak murriztea ikerketa horien emaitzen kontrako norabidean doa.

Ikastetxe Publikoetako Guraso Elkarteak osatzen dituzten gurasoak boluntarioak dira, eta jasotzen dituzten diru-laguntzak ezinbestekoak dira ikastetxearen hezkuntza-jarduera osatzeko, hainbat balore jorratzen dituzten eskolaz kanpoko ekintzen bidez: elkarbizitza, desberdina denarekiko errespetua, taldearen balorea eta gelatik kanpo euskararen erabilera sustatzea.

Lan hau egiteko lurralde-federazio eta EHIGE konfederazioaren laguntza dute. Hauek ikastetxe publiko guztietan guraso elkarteak egotea bermatzen dute eta gurasoen parte-hartzea sustatzen dute ikastetxeko erabakiak hartzerakoan.

Parte-hartzea eskola-arrakasta lortzeko eta eskola publiko demokratikoa osatzeko giltza dela onartzen badugu, zergatik ez dira egiten eskubide hau bermatu eta lagunduko duten akzio politikoak, oztopoak jarri beharrean hezkuntza-bikaintasunaren bide neketsuan?