EHIGE, BIHE eta SAREAN elkarteen eskaerari erantzunez, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako liburuak berriztatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak.

Euskal Eskola Publikoko familiek eta Guraso Elkarteen Federazioek erakutsitako jarduera bateratuak lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetako zuzendariekin batera (SAREAN eta BIHE), Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak “Testuliburuen kudeaketa solidariorako programa” finantzatzeko 2013ko ekainean hartutako erabakian atzera egiteko balio izan du.

Hala, Programak ezartzen duen biziraupena bete duten Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako testuliburuak berrituko dituzte ikastetxe publiko guztiek ikasturte hasiera honetan.

Hala ere, Hezkuntza sailak ez ditu berrituko 5. eta 6. mailako liburuak, hala eskatu genion arren, eta 5. urtez berrerabili beharko dituzte liburuok maila horietako ikasleek. Honen harira, 3. eta 4. mailetan sobratzen den dirua egoera txarrean dauden 5. eta 6. mailako liburuak erostera zuzentzea gomendatu du Hezkuntza sailak.

Bestalde, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek Programa honetatik kanpo jarraitzen dute.

Hau guztia dela-eta, 2013-2014 ikasturte honetan Programa hau elkarrekin sakonean aztertzeko eskaera egin diogu Hezkuntza sailari. Hala, erabaki egokienak hartzeko denbora izango dugu datorren ikasturterako.

Nobedade hauek direla eta, zera adierazi nahi dizuegu:

–          Eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu ekainean kuota ez ordaintzea eskatu genizuenean hala egiteagatik, eta guregan jarritako konfidantzagatik.

–          Ikasturte honetako araudiak ezartzen dituen kuotak ordaintzea gomendatzen diegu familiei.

Federazioetatik zera gomendatzen dizuegu ere: zuen ikastetxeetan galdetzea nola egingo den prozesua, informazioa berandu iritsi baita (uztaila).

Argibiderik behar baduzue jar zaitezte gurekin harremanetan.

Besterik gabe, jaso ezazue agur bero bat.

ERANSKINA:

Programaren egoera gaur egun

-Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailak: urtero berritzen dira liburu guztiak Administrazioaren aportazioa (92 € aurten) eta familien kuotekin (26 €).

-Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak: liburuak berrituko dira aurten Administrazioaren (134 € ikasleko) eta familien kuotekin (29 €).

-Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak: 5. aldiz berrerabiliko dira liburuak. Hala ere, 3. eta 4. mailan soberan gera daitekeen dirua erabili ahal izango da liburu hauek berritzeko. Diru horri familien kuota gehitu behar zaio (30 €) eta baita Hezkuntza sailak urtero jartzen dituen 14 €ak ikasleko, egoera txarrean dauden liburuak berritzeko.

-DBHko 1. maila: 4. urtez berrerabiliko dira liburuak. Administrazioak emandako ikasleko 21 € izango ditu ikastetxeak egoera txarrean daudenak berritzeko. Familien kuota gehitu behar zaio horri (40 €).

-DBHko 2. maila: 3. urtez berrerabiliko dira liburuak. Administrazioak emandako 23 € izango ditu ikastetxeak egoera txarrean daudenak berritzeko. Familien kuota gehitu behar zio horri (44 €).

-DBHko 3. eta 4. mailak:  Programatik kanpo daude.

*Programaren jarraipena: testuliburuetan gastatutako diruaren justifikazio-memoria aurkeztu beharko dute ikastetxeek urriaren 30a baino lehen (3. eta 4. mailako liburu berriak + 5. eta 6. mailako berritze partziala).