Larunbatean Euskal Eskola Publikoaren 27. Jaia aurkeztu zuten Lekeition Ana Puente EHIGEko kideak eta Maitena Gerikaetxebarria, Lekeitioko eskola publikoko amak. Aurkezpen ofizialaz gain argazki erraldoi bat egin zen ikastetxeko kideekin eta hainbat jarduera egin ziren goizean zehar (puzgarriak, jolasak, pintxoak…)

 

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN JAIA

1994tik, Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatzen dugu guraso elkarteok, eskola-komunitateetako gainontzeko kideekin batera eskola publikoa hezkuntza-sistemaren ardatza izan behar dela aldarrikatzeko asmoz.

Ikastetxe publiko batekin elkarlanean antolatzen du EHIGE-k urtero jai hau. Oraingo honetan Lekeitioko eskola eta institutuko kideekin batera.

Ekaineko aurreneko igandean ospatzen dugu jaia. Ekainaren 3an izango dugu beraz 2018ko hitzordua.

 

IRUDIA ETA LELOA

“Zapran gagoz” da Euskal Eskola Publikoaren 27. Jaiaren leloa. Arrantzaleek erabiltzen duten esamolde hau arrantzan zorte ona izaten dutenean.

Irudiak ere herri arrantzale bat islatu nahi izan du kolore desberdinetako arrainekin.

Eta guzti horrek isla dauka Lekeitioko eskola publikoan: eskola alaia eta koloretsua, gizarteari herrian errotutako kalitatezko euskal eskola publikoa eskaintzearekin inplikatuta dagoen hezkuntza-komunitatea.

 

LEKEITIO

Lehen hezkuntzako eskola eta institutu publikoa ditu Lekeitiok, 725 ikasle guztira. Lea Artibaiko gainontzeko ikastetxe publikoekin batera (19 ikastetxe, 512 irakasle eta 2500 ikasle) eskola publikoaren aldeko  “Batuz” plataforma osatzen dute.

 

EHIGE

Federatutako 500 IGE baino gehiagorekin, Euskal Eskola Publikoaren baitan ordezkaritza handiena duen erakundea da EHIGE. Baikara, BIGE, Denon Eskola, Gipuzkoako Eskola Txikiak eta Ikas-bi federazioek osatzen dute.

Euskal hezkuntza sistemaren oinarrizko ardatz egituratzaile izango den eskola publiko euskalduna, kalitatezkoa, inklusiboa, ekitatiboa, demokratikoa, laikoa, berritzailea eta solidarioa defendatzen du EHIGEk.

Euskal Eskola Publikoaren Jaia da urtero antolatzen duen jarduera publiko garrantzitsuena.