Etxeko lanen kontrako kanpaina hasi du Frantziako Gurasoen Kontseiluen Federazioak (FCPE) hamabost eguneko greba batekin eta Espainiako Estatuko Gurasoen Konfederazioak (CEAPA) bat egin du azken urteetan etxeko lanen kopurua handitu dela salatuz. Estatu Batuetan ere ohiko eztabaida da (ikus The case against homework) eta Nafarroako Eskola Kontseiluak aztertu zuen gaia pasa den ikasturtean.

Hauek dira CEAPAk ematen dituen arrazoiak:

Hezkuntza-sistemaren porrota irudikatzen dute hein handi batean, ikasleak eskolan landu beharko lituzketen zereginekin gainkargatzen dituztelako.

Gizarte-desberdintasunak sortzen dituzte: ikasleak familia eta inguruaren arabera egingo ditu hobeto edo gaizkiago etxeko lanak. Guraso batzuk seme-alabei laguntzen saiatuko dira, beste batzuk akademietara bidaliko dituzte eta askok ez dute ez mailarik ezta dirurik izango ez bata ez besterako.

Tentsioak sortzen dituzte guraso eta seme-alaben artean. Askotan, jolastu gabe geratzen dira ikasleak etxeko lanak egiteko, eta horrek errefusa sortzen du. Ikasleek jakin egin behar dute zeintzuk diren euren eginbeharrak, baina jolasteko denbora ere izan behar dute.

Arazoak sortzen dizkie gurasoei, berandu ateratzen direlako lanetik eta ez daukatelako denborarik.

Ikasleek denbora behar dute bestelako jardueretako (kirola, kultura, aisia), horiek ere garrantzitsuak direlako garapen pertsonalerako.

Hemen duzu dokumentu osoa eta proposatzen dituzten alternatibak.

Radio Euskadin ere eztabaidatu dute gai honen inguruan. Hemen duzu.

Zer deritzozu zuk? Zein da egoera gurean?

Zure iradokizunen zain gaude.