“Eskola inklusiboaren eta kultura artekoaren eremuan ikasle etorkinei hezkuntza-arreta emateko II. Plana (2016-2020)” aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak gaur.

Azaroan salatu genuen bezala, dokumentu horren zirriborroak prozedura arraroa igaro du. Hezkuntzako foro batean aurkeztu ordez, Gizarte Politikarako Departamentuari dagokion foroan aurkeztu zen eta ondoren Irekia atarian argitaratu zen herritarren iritzia jasotzeko asmoz.

Behin-betiko dokumentua ezagutzen ez dugun arren, ondorio hauek ateratzen ditugu prentsan aurreratutako datuetatik:

-Proposamen interesgarriak dauden arren (ikasle perfil desberdina duten ikastetxe publikoen bat-egitea, euskarazko ereduetan eskolaratzea Haur eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloan sartzen den ikaslegoa) dokumentua eskasa da eta eskola publikoaren esku uzten du eskola-segregazioaren arazoaren konponketa, itunpeko sare pribatuak duen ardura partekatua aipatu gabe.

-Ez du aipatzen hainbat instantziek diagnostikatu eta onartu duten eskola-segregazioaren arazoa. Errealitate hau ez aipatzea planaren kalterako da eta planteatzen diren neurriei eragiten die, ez dielako erantzuten modu egokian segregazioari aurre egiteko beharrari.

-Errealitatea ezkutatzen da sare bien arazoa dela esaten denean, datuek argi erakusten dutelako sare publikoan eskolaratzen dela ikasle etorkinen gehiengoa.

-Ez dira aipatzen itunpeko sare pribatuaren ateak itxitzen dituzten kuota eta erlijioa bezalako faktoreak.

-Ez da aipatzen ikasle guztien eskolaratzearekin konprometitzen ez diren itunpeko ikastetxe pribatuen finantzazioa murrizteko aukera.

-Ez du jasotzen ikaslegoa aukeratzea ekidingo lukeen matrikulazio bulego bakarra sortzeko aukera.

-EHIGEren iritziaren kontrako erabakia hartu da errentaren irizpidea aldatzerakoan. Faktore ekonomikoak ez luke diskriminaziorik sortu beharko.

-Ez da aurreikusten matrikulazio epetik kanpo itunpeko ikastetxe pribatuetara bideratzen den ikaslegoaren jarraipena, kasu askotan ikasle hauek sare publikoan amaitzen dutela dakigun arren.