Ikastetxe publikoetako jantokien eredua aldatzeko bidean, ate berriak irekitzen ari dira. Alde batetik Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak aldaketa txiki batzuk egin ditu baldintza-agiri berrietan. Bestalde, datorren ikasturtean lau ikastetxe publikoetako gurasoen elkarteek euren jantokia kudeatuko dute esperientzia pilotu moduan.

Testuinguru honetan, guraso elkarteak ez gaude geldirik, eta “Eskola-jantoki publikoak: bide berriak urratzen” izeneko mahaingurua antolatu dugu, gure jantokien eredua aldatzeko bidean, pausuak emateko asmoz.

Mahainguruak bi zati izango ditu: aurrenekoan parte-hartzaileek euren esperientzia kontatuko dute, bigarrenean eztabaidarako tartea izango da.

Alde batetik, Orduñako udal-sukaldearen proiektuari buruz arituko da Marijo Imaz Ekoizpen zerbitzuko koordinatzailea

Bestalde, eskolako jantokietako autokudeaketaz arituko dira Erandioko Altzaga ikastolako gurasoak.

Profesional baten ikuspegia ere izango dugu elikaduran aditua den Laida Ardanazen eskutik. Jantokia kudeatu nahi duen Guraso Elkarte batek izan ditzakeen eragozpenez arituko da, besteak beste.

Amaitzeko, “Gure platera, gure aukera” ekimenaren azken nobedadeak kontatuko ditu Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak.

PARTE-HARTZAILEAK
Marijo Imaz (Orduñako udal-sukaldea)
Altzaga ikastolako (Erandio) gurasoak
Laida Ardanaz (Nutrizionista eta taldeentzako sukaldaritzan aditua)
Lurdes Imaz (EHIGEko koordinatzailea)

EGUNA ETA LEKUA
Landako eskola publikoa (Durango)
Maiatzak 19, 17:00etan

Jantokiak_hitzaldia