Elgoibarko eskola, XXI. mendeko Euskal Eskola Publikoaren isla da: eskola EUSKALDUNA, euskararen transmisio eta irakaskuntzarekin konprometitua dagoena; GUZTION ETA GUZTIONTZAKO eskola, pertsona guztien hezkuntza integralarekin konprometituta dagoena; eskola PARTE-HARTZAILE ETA DEMOKRATIKOA, eskola komunitateko kide guztien elkarlanean eta kudeaketa demokratikoen oinarritzen dena; eskola BERRITZAILEA, gaur hartu gaituen Elgoibarko hau bezala, Europara eta mundura, eta pertsonetan oinarritutako ikaste-irakaste metodologia aurreratuenei begira dagoena.

Guzti horregatik, bihotzez eskertu nahi diogu Elgoibarko herri eskolako hezkuntza-komunitateari ikasturte luze honetan egin duen lan itzela, gaur hemen bilduko direnei harro erakusteko, Euskal Eskola Publikoa dela aukerarik onena, aukerarik hoberena datozen belaunaldiak biziko diren gizarteak mundu solidarioago eta orekatuago baten aldeko apustua egin dezan.

Gure eskerrik beroena adierazi nahi diegu ere gaur gurekin egotea erabaki duten agintariei, euren babesa erakutsiz Euskal Eskola Publikoari. Zuen apustua eta guztion apustua ezinbestekoak dira Euskal Eskola Publikoak aukerarik onena izaten jarraitu dezan gure gizartearentzat.

Horretarako, ezinbestekoa da etorkizuneko edozein Euskal Hezkuntza Lege egun dugun hezkuntza sistema publiko, doako eta kalitatezkoan oinarritzea, eta ez finantziazioaren banaketan.

Hori lortzeko bide bakarra, Euskal Eskola Publikoa hezkuntza sistemaren ardatzean ipintzea da. Izan ere Euskal Eskola Publikoak soilik bermatzen die kalitatezko eta doako hezkuntzarako eskubidea pertsona guztiei, ezinbestekoa gizarte justu bat eraikitzeko.

Publikoa izateak, zenbait konpromiso dakartza berarekin: ekitatea eta jatorrizko desberdintasun sozial eta muga pertsonalak gainditzea, bazterketa soziala ekidin eta desberdinaren inklusioa bermatzea, hezkidetzan heztea, euskal kultura beste kulturekin elkar aberastea, elebitasunean aurrera pausuak ematea euskara indartuz, gure herriaren aurrerapena eta justizia soziala lortzeko giza baloreak irakastea, pertsonengan oinarritzen den berrikuntza pedagogikoa praktikatzea, ikastetxeko hezkuntza proiektuak eskola komunitatearen parte hartze demokratikoarekin garatzea, eta laikotasuna bultzatzea, besteak beste.

Baina gure hezkuntza sistemaren etorkizunari buruzko eztabaida ez da soilik politikoa eta ez da soilik foro parlamentario batean eztabaidatu behar, gizarte mailako afera da eta gizarteak eztabaidatu behar du. Horregatik, Administrazioari dagokio euskal gizarteari transmititzea eztabaida horren garrantzia. Era berean, portzentaia hotzetatik haratago, gure hezkuntza sistema publikoa defendatuko duen diskurtsoa eraiki beharko luke, konplexu eta ikuspegi merkantilistarik gabe.

EHIGEri dagokionez, familien interesak defendatzen jarraituko dugu argumentu justu eta arrazoituen bidez, eta ez gara jausiko deskalifikazioen joko zentzugabeetan. Euskal gizarteak erabaki behar du gizartearen kohesioa bermatzen duen eskola publikoan oinarritu nahi duen bere hezkuntza-sistema, Europako herrialde aurreratuek egiten duten moduan, edo gizarte zatitua nahi duen.

Guzti horrengatik, gurekin batera Euskal Eskola Publikoaren aldeko apustua egitera gonbidatzen zaituztegu, aukerarik onena delako euskal gizartearen etorkizunarentzat.