Aurten, aurreneko aldiz, Iparraldean ospatuko dugu Euskal Eskola Publikoaren Jaia eta honek asko pozten gaitu. Gaur ospatuko dugun Jai honekin eskerrik beroena eman nahi diogu gure Iparraldeko federazioari, IKAS-BIri, 30 urte hauetan muga artifizial honen bestaldean egindako lan gogorragatik. Horri esker, gaur egun 6.000 ikasle baino gehiagok ikasten dute Euskaraz Iparraldeko eskola publikoan, gure hizkuntzaren etorkizuna bermatuz, bizitzea tokatu zaigun momentuko konbentzionalismo nomatiboetatik haratago.

Hasieratik elkarlanean aritu gara EHIGE eta IKAS-BI eskola publikoa aukeratzen duten familiak Euskarara erakartzen, beti defendatu izan baitugu IKASBI-k sustatzen duen eskola eredua: publikoa, laikoa, demokratikoa eta euskalduna.

Gainera, Euskal Eskola Publikoaren 25. urteurrena ospatzen dugu aurten eta balantzea egiteko garaia da. Aspaldi ospatu genuen aurreneko Jaia eta gaur egun ia ez dugu gogoratzen zergatik ekin genion bide honi. Agian ez da beharrezkoa gogoratzea Euskal Eskola Publikoak egindako borroka, eredu zahar eta zentralista hartatik desberdintzeko, gure herri eta errealitatetik hain urrun zegoen eredua. Edo agian bai. Agian gogorarazi behar dugu Euskal Eskola Publikoaren aldeko apostua egitea, gaur egun alternatibarik ez duen gizarte eta hezkuntza eredu baten alde egitea dela. Euskal hezkuntza sistemaren oinarrizko ardatz egituratzailea gara, ez dagoelako beste sistemarik kalitatezko hezkuntza euskalduna bermatzen dienik ikasle guztiei. Euskarak eskola publikoa behar du eta ez dago alternatibarik.

Ezin ditugu itxi begiak ikustean nola, gure gizartearen aniztasuna islatzen ez duten eta gure errealitate, gizarte eta herriekin konprometitzen ez diren beste sare batzuk,   Euskal Eskola Publikoarekin parekatu nahi duten,  Kezkagarria da ere Administrazioek sare pribatu hauek finantziatzen jarraitzea, itzuli beharrik gabe, gizartearekiko inolako ardura partekaturik eskatu gabe. Gure ikasgelek ez badute islatzen gizartea, ez diote ezer  eskainiko bere garapenari. Ez dago alternatibarik.

Berriro ere gure Jaia aprobetxatu nahi dugu botere publikoei apostu irmo bat eskatzeko eskola publikoaren alde, Ipar zein Hegoaldean. Ez daitezela liluratu hezkuntza sistema pribatuekin. Eskola, publikoa izango da edo ez da izango. Ez dago alternatibarik.

Euskarak Eskola Publikoa behar du. Euskarak eta Eskola Publikoak botere publikoen apostu irmoa behar dute. EMAZU ESKUA. EMAZU EUSKARA. EUSKAL ESKOLA PUBLIKOA GEURIA.