Euskal Eskola Publikoa gaur, bihar ekimena osatzen dugun elkarteok – HEIZE (SAREAN + BIHE) eta EHIGE – Hezkuntza Sailak hartutako azken erabakiaren inguruko iritzia plazaratu nahi dugu idazki honen bitartez.

Hezkuntzak Saileko Ikastetxe eta Plangintza ataleko zuzendari berriaren izendapenaren inguruan, honako hau adierazi nahi dugu:

  1. Ikastetxe publikoen kudeaketa egokia egiteko, ikastetxe publikoen “errelatoa” ezagutu beharra oinarrizko ezagutzatzat jotzen dugu eta kasu honetan hori ez dela betetzen begi bistakoa da.
  2. Ulertezina iruditzen zaigu eta kezka eta harridura sortzen digu irakaskuntza publikoarekin zerikusirik ez duen pertsona baten izendapena burutzea eta are gehiago izendatuaren ibilbide profesionala sare publikotik at garatu izan denean, itunpeko sarean, alegia.
  3. Bideak erakutsiko du hartutako erabakiek eta erakutsitako jarrerek zein bide egingo duten guk gure aldetik, izendapenarekiko adierazitako erabateko desadostasunaren gainetik elkarlanean aritzeko prestutasuna adierazten dugu eta baita hartzen diren erabakien jarraipena egiteko konpromisoa ere. Gogora ekarri nahi dugu beste eginkizun batzuen artean zuzendaritza horri dagokiola hezkuntza-itunen proposamena egitea.
  4. Geroz eta ageriago geratzen ari da Hezkuntza Sistema Publikoak bere kudeaketarako baliogarri izango lukeen antolaketa berri baten inguruko eztabaida ekidin ezina gertatuko dela. Euskal Eskola Publikoak, sare publikoaren alde, modu nabarmen eta argian jokatuko duen egitura eta eragileen bateratzea behar du.
  5. Bukatzeko, Hezkuntza saileko sailburu eta arduradun izan diren guztiei esan genien eta esaten diegun bezala, Euskal Eskola Publikoaren aldeko apustu tinkoa egitea herri-apustu bikainena egitea da, sare publikoak bakarrik bermatuko baitu euskal herritar guztien eskolaratze, hobetze eta arrakastarako eskubidea.