LOMCEren aplikazioak, Heziberriren bidez, hankaz gora ipini du gure ebaluazio-sistema.

2009tik froga diagnostikoak egin dira lehen hezkuntzako 4. mailan eta DBHko 2. mailan EAEko ikastetxeetan. Froga hauen helburuak dira ikastetxeak eta hezkuntza sistema hobetzea, ikasleen formakuntza baloratzea eta ikastetxeei laguntzea euren hezkuntza-jarduera hobetzen. Gainera, gure hezkuntza-sistemaren eboluzioari buruzko datu historiko interesgarriak eskaini dizkigute.

LOMCEren aplikazioarekin, azken bi urteetan froga berriak egin dira lehen hezkuntzako 3. mailan eta, hauetaz gain, beste bi froga pilotu berri egin nahi dira maiatzean lehen hezkuntzako 6. mailan eta DBHko 2. mailan.

Ondorioz, ikasturte honetan froga diagnostikoak egingo dira lehen hezkuntzako 3., 4. eta 6.mailetan eta DBHko 2. eta 4. mailetan. Hainbeste froga pilatzeak zehaztasun falta erakusten du gure hezkuntza-sistemaren beharrei erantzungo dion ebaluazio ereduaren elaborazioan.

Guzti honengatik hauxe eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailari: ez dezala froga berririk egin ebaluazio eredu koherente, adostu eta iraunkorra definitu arte.