“Josi eta josi” da aurtengo jaiaren leloa, hain zuzen ere eskola publikoak euskal gizarte kohesionatu baten alde duen konpromisoa azpimarratu nahi dugulako. Eta horren adibide dira Gasteizko ikastetxe publikoak. Publikotasunetik soilik lortu daiteke hezkuntza sistema inklusiboa.

Hezkuntza publikoaren alde lan egiten duten irakasleak eguneroko jardunean duten konpromisoa eskertu nahi dugu ere gaur.

Gure hezkuntza sistemak datozen urteetan dituen erronka nagusiak aniztasuna eta ekitatea dira: aniztasunari ez bazaio modu egokian heltzen, ekitatea ahuldu egiten da eta ondorioz, hezkuntza sistemaren desorekak agerian geratzen dira.

Aniztasunari  ez bazaio modu egokian heltzen, ahuldu egiten dira kalitatea eta ekitatea, eta desoreka ematen da behar espezifikoak dituzten ikasleen eskolaratzean. Konpondu egin behar da egoera hori.

Ezin da onartu halako kontzertazio maila daukan hezkuntza-sisteman eskola publikoaren gain ipintzea aniztasuna eskolaratzearen ardura handiena.

Diru publikoarekin finantziatzen diren ikastetxeek ez badiote erantzuten gizarteak dituen helburu amankomunei dagokien proportzioan, sistema ez da ekitatiboa.

Badakigu konplexua dela aniztasuna kudeatzea hezkuntzaren arloan. Badakigu egoera bakoitzak erantzun konkretua behar duela eta desoreka hori ez dela konpontzen egun batetik bestera.

Zentzu honetan “Ikasle etorkinen hezkuntza-arreta emateko II. planak” baditu ondo baloratzen ditugun alderdiak. Baina bere osotasunean eskasa da. Plan honen neurri garrantzitsuena plazen %10a epez kanpoko matrikulentzat erreserbatzea baldin bada, ez da konponduko desoreka. Eta bere intentzioa bada eskola publikoaren gain uztea aniztasuna eskolaratzeko ardura, zalantzan jarri behar da kontzertazioaren funtzioa gure hezkuntza-sisteman.

Alferrikakoa da publiko eta pribatuaren arteko desberdintasuna gaindituta dagoela planteatzea. Errealitate desberdinak dira eta ezin dira inolaz ere berdindu ezta lege-arreta berdina jaso. Ondorioz, Hezkuntza Lege berriak zalantza guztiak argitu beharko ditu eta argitasun osoarekin jaso, eskola publikoa dela euskal hezkuntza-sistemaren lehentasuneko ardatz egituratzailea.