2007 urtetik, Testuliburuen eta Curriculum-Materialen Kudeaketa Solidarioa izeneko programa dauka eskola publikoak. Programa honetan testuliburuak ikastetxearenak dira eta familiek kuota bat ordaintzen dute lau urtean behin berritu beharko liratekeen testuliburuak erabiltzeagatik (5. eta 6. mailakoak, esaterako, ez dira berritu azken sei ikasturteetan).

Gure ustez material curricular guztiak doakoak izan beharko lirateke Euskal Eskola Publikoan. Hala ere Programa hau oso ondo baloratu dute familiek, solidarioa eta ekologikoa delako, eta erabilera arduratsua bezalako komunitate-baloreak garatzen dituelako.

Egungo legealdiaren hasieratik, hezkuntza-material digitaletara trantsizioa egiteko plan serio eta adostua eskatu diogu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Hala ere, hiru urte pasatu eta gero, 60 ikastetxeetara soilik iritsi den (ikastetxeen %10) Sare Hezkuntza gelan izeneko egitasmoa soilik jarri du martxan.

Digitalizaziora trantsizioa egiteko aitzakiarekin, egungo Programa bertan behera uztea erabaki zuen Hezkuntza sailak martxoan, eta eskola publikoko material curricularren finantziazio sistema aldatzea. Hala, eskola publikoak berea duen eredu unibertsal batetik sistema osorako beken eredu zehaztugabe batera pasatu nahi zuen ekitatearen aitzakia erabiliz. Hala ere, ekitatearen argumentuak ez du zentzurik, gaur egun euskal hezkuntza sistema osoko ikasle bekadun guztiek bermatuta dutelako materialen doakotasuna, eta sistemaren ekitateak eskatzen duelako eskola publikoak finantziazio sistema espezifikoa izatea materialen arloan.

Aldaketa honen kontra agertu garenez, Hezkuntza sailak gelditu egin du momentuz erabaki hau, eta trantsizio honetan elkarlanean aritzea onetsi du.

EHIGErentzat sistema honek:

 

  1. Egungo sistemak dituen ezaugarri positiboak mantendu behar ditu (unibertsaltasuna, solidaritatea, jasangarritasuna…)
  2. Ikastetxe guztietako ikasleek aukera berdinak dituztela bermatu behar du testuliburuetatik material digitaletara pasatzerakoan.
  3. Konfiantza esparru bat eskaini behar die familia eta ikasleei, aldaketa honek hezkuntza kalitatea hobetuko duela transmitituz.
  4. Beharrezkoak diren azpiegiturez hornitu behar ditu ikastetxeak eta familiak.
  5. Beharrezko prestakuntza eskaini behar die irakasleei eta laguntza ikastetxeei.
  6. Eduki digital irekiak egitea izan behar du helburu.
  7. Beharrei egokitutako aurrekontu eta kronograma errealista eta egokiak izan behar ditu.
  8. Ikastetxeak sistema berrira egokitzeko programa argi batean oinarritu behar da, etapak eta kontrolak ezarriz.

Datorren ikasturtean hasiko den trantsizio aldian, material curricular egokiak bermatu beharko dizkie Hezkuntza sailak ikasleei, hezkuntza prozesua ahal bezain egokien egiteko. Horretarako, beharrezkoak diren diru-kopuruak eman beharko dizkie ikastetxeei.