EAEko ikastetxe publikoetako jantokiak arautzen dituen agindua ezarri zenetik (2000ko martxoaren 22ko agindua), beronen hainbat atal kritikatu ditugu eta salatu dugu ikastetxeen autonomia murrizten duela enpresa gutxi batzuren esku kontzentratuz zerbitzua.

Sistema honek, besteak beste, ez dio aukerarik ematen ikastetxeari enpresa homologatuen artean aukeratzeko, hornitzaile bakar baten esku geratzen delako lote osoa, konpetentziarako aukera murriztuz. Gipuzkoako ikastetxe guztiak, esaterako, Auzolagun enpresak kudeatzen ditu. Sistema honek, azken finean, larriki kalte egin dio zerbitzuaren kalitateari.

Lehiaren Euskal Agintaritzak merkatua banatzeagatik enpresa hauek zigortu dituen momentu honetan kalitatea txartu eta familia eta gizarteari gainkostua egotziz, iruzurtuak eta babesgabe sentitzen gara: enpresek merkatua banatzen dute zerbitzuaren prezioa aldatuz eta Administrazioak ez ditu babesten ez familien ezta herritarren interesak.

Horregatik:

  1. Publikoki salatu nahi dugu Administrazioak sortu duen eskola-jantokien ereduak gure seme-alaben zerbitzuari eta familien poltsikoei kalte egin diela.
  2. Kudeaketa eredu honek, kontrol falta argia izan duenak, Lehiaren Euskal Agintaritzak salatu duen iruzurra ahalbidetu du.
  3. Esleipendun berriak iruzurra sortu duten berberak izanik, beharrezkoak diren kontrol mekanismo guztiak ezartzea exijitzen dugu, isunak ez dezan eraginik izan zerbitzuaren kalitatean.
  4. Era berean, isuna eskola-jantokietan inbertitzea exijitzen dugu.
  5. Lehiaren Euskal Agintaritzak inoiz ezarri duen isun garrantzitsuena ikertu dezatela eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari eta eskumenak dituzte gainontzeko erakundeei, enpresa hauek salatzeko aukera aztertuz. EHIGE ere aztertzen ari da zer nolako neurriak har daitezkeen.

Egoera honen aurrean, jantoki eredu berri bat eskatzen dugu.

Gaur egungo araudiak ez die erantzuten ez familien ezta ikasleen beharrei, eta negozio bihurtu du gure seme-alaben elikadura. Jantokia eskolako beste hezkuntza-esparru bat bihurtuko duen araudi malguagoa behar dugu.

Ikastetxe bakoitzak bere eredu propioa aukera dezala eta Administrazioak azpiegitura eta baldintza egokiak eman diezazkiola eskatzen dugu.

Hori dela eta, hauxe eskatzen diogu Administrazioari berehala:

-Eusko Legebiltzarrak 2014ean eskatutako esperientzia pilotuak erraztu eta sustatu ditzala.

-Datorren ikasturtera begira, ikastetxe bakoitzak aukeratu dezala catering enpresa.

-Gai hauek landuko dituen araudi berri bat osatuko duen Jantoki Batzordea sortu dezala, eragile desberdinen parte-hartzearekin:

Kudeaketa:

  • Ikastetxe bakoitzari aukera ematea nahi duen kudeaketa-eredua aukeratzeko (autokudeaketa, beste erakunde lokalak, catering, eta abar) nutrizio, elikaduraren kalitate, segurtasun eta garbitasun eskakizun guztiekin, egungo sistemak duen babes instituzional eta ekonomiko berberarekin.
  • Catering sistema aukeratzen duten ikastetxeek enpresa aukeratu ahal izatea.
  • Sukaldeak ikastetxe guztietan.

Produktuak eta kalitatea:

  • Sasoiko bertako produktu freskoak eta ekologikoak.
  • Bertako ekonomiaren sustapena.

Hezkuntza-esparrua eta arreta:

  • Jantokia benetako hezkuntza-esparrua izango dela bermatuko duen formakuntza begiraleentzat: ikasleen arreta, gatazken ebazpena, jolasak genero ikuspegiarekin, eta abar.
  • Espazioak, ordutegiak, ratioak, ohiko ikaslegoa eta abar berrikusi.
  • Jankideen adinera egokitu zerbitzua. Adinen arabera desberdindu menuak, self-service bigarren hezkuntzan, eta abar.

Hezkuntza-komunitatearen parte-hartze efektiboa:

  • Jantokiko batzordearen autonomia eta kontrol osoa.
  • Familien parte-hartzea sustatu zerbitzu osoan.
  • Eskola-jantokiaren hezkuntza erabilera (espazioa aprobetxatu ohitura osasuntsuak sustatzeko, ikaslearen autonomia elikaduran, elikadura ohiturak ezartzeko erabili espazioa, osasuna, eta abar).