3. mailako frogarik ez!

Lehen Hezkuntza sei ikasturtetan antolatzen du LOMCEk, ziklokako antolaketa apurtuz, eta norbanakako froga ezarriz 3. mailan Matematikak eta Hizkuntzak ebaluatzeko (kasu batzutan 8 urterekin).

2009tik EAEko hezkuntza sisteman ebaluazio diagnostikoak egiten dira ikastetxeen hezkuntza-jardueraren “argazki” bat lortzeko asmoz. Hala, mota desberdinetako froga egiten zaizkie 4. mailako ikasleei (10 urteko ikasleak, kasu batzutan).

LOMCE betetzeko, 2015-2016 ikasturtetik aurrera orain arte 4. mailan egin den froga 3. mailara aurreratzea erabaki du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak.

2015 honetan 30 ikastetxe aukeratuko ditu (15 publiko eta 15 pribatu) eta ez ditugu ezagutzen irizpideak. Maiatzean edo ekainean 3. mailako froga honen entsegua egingo dute ikastetxe hauetako 3.mailako ikasleek.

Froga pilotu honen kontra gaude arrazoi hauengatik:

1. Ez dago justifikazio pedagogikorik azterketa hau urtebete aurreratzeko. Orain arte 4. mailan egin da azterketa hau momenturik egokiena zela uste zelako ikasleen ezagupenak ebaluatzeko. Uste dugu ez dagoela justikaziorik irizpide administratiboak pedagogikoen gainetik jartzeko, honelako froga bat noiz egin behar den erabakitzerakoan.

2. Ziklokako antolaketa apurtuko da, LOMCEk derrigortzen duen moduan.Orain hiru ziklotan banatzen da lehen hezkuntza pedagogikoki egokiena dela uste delako (2 urte ditu ikasleak ezagupenak lortzeko). Azterketa 3. mailan egiten bada antolaketa hau apurtuko da eta LOMCE aplikatuko da. Orain arte aldaketa hau egiteko erabili den justikazio bakarra LOMCE obeditzea izan da.

3. Ez du ezertarako balioko orain arte egindako lanak. Urte bat aurrekoekin konparatuz, ebaluazio diagnostikoak hobekuntza planak egiteko, ezarritako hobekuntzen ekazia ezagutzeko eta gure hezkuntza sistemaren egoera ezagutzeko erabiltzen dira. Ebaluaketa 4. mailatik 3.mailara pasatzean ez dute baliorik izango orain arte egindako azterketen emaitzek, ondorioz zerotik hasi beharko ginateke berriro, orain arte egindako lan guztiak ezertarako balioko ez baluke bezala.

4. Euskal hezkuntza sistemak LOMCE legearen oinarrian dauden interes ideologiko eta partidistetatik at egon behar du. Irizpide pedagogikoan oinarrituak egon behar dira euskal hezkuntza sisteman egiten diren aldaketak. Beste sistemekin konparatuta lortutako emaitzek, legitimatu egiten gaituzte eskaera hori egitera.

5. Eusko Jaurlaritzaren desinbertsioa jasaten ari garen garai honetan, batez ere arlo publikoan, ezin da inolaz ere onartu honelako aldaketetan inbertitzea hainbat behar daudenean beste arloetan (ikastetxeen hobekuntza, eskola-materialak, baliabideak, eta abar).